XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Pikoak esatea nahiz oinak esatea berdintsu baita.

Zilegi bekit berriz neure tesi-liburura irakurlea igortzea, baldin han On Manuel Lekuonaren aburuez idatzi nuena ikasi nahi badu (ik. 96-104 or.).

Hitz gutxitan esanda: hauen ustez euskal bertsoak ontzen dituenak ez ditu honenbeste edo hainbeste silabatako lerroak tolestatzen, ez du silaben kopurua kontutan hartzen, baizik lerroan barrena buruz edo oinez edo behatz muturrez markatzen dituen takata-takatak.

Bertsoaren banakoa, alegia, ez da silaba, ictus direlako piko edo takatekoak dira.

Eta, jakina, bertsoen egileak horien arabera ontzen baditu bertsoak, zer esanik ez bertsoen neurtzaileak ere nik kasu honetan, alegia modu berean neurtu behar dituela, silabak kontatzen ibili gabe.

Bistan da autore hauek eta egungo egunean ere gure artean iritzi bertsuak defenditzen dituztenek ez dutela erritmoa zertan datzan ongi konprenitzen, ene ustez.

Laburki esan: erritmoa euskaraz ez datza bertsoa osatzen duten hitzen barneko ezertan ez azentoan, ez pikoan, ez oinean, baizik hitzetik edo hitzetatik landa dagoen zerbaitean; hots, isilaldietan, pausaldietan, neurri jakineko banakoen ondoren betiere gertatzen diren etenaldietan.

Etxepareren hamabost silabatako bertsoei bagagozkie, esate baterako, erritmoa honetan datza: hamabost silabaz behin ez ezik, horietako lehen zortziez behin, eta zortzi horietako lehen laurez behin, bai eta beste zazpietako lehen laurez behin isilaldia edo urradura gertatzean, eta ez beste ezertan.

Honezaz gehiago ikasi nahi duenak jo beza berriz eta barka! lehen aipaturiko neure liburura (121. or. eta hurrengoak).

Gazteluren dotrina horren ondorioak agerian daude eta orain aztergai dugun bere itzulpen honetan nabarmen ageri dira.

Har dezagun lehen bertsoa: Nora zaitut kuku.

Zenbat silaba ditu? Ez zaio axola, erantzuten digu Gazteluk, zenbat piko dituen galdegin behar da.

Har dezagun bigarren ahapaldiko lehen bertsoa: Arditegitik larrera, guretzat lehengoak adinaxe silaba behar lituzkeena.

Bada ez, bi gehiago ditu.

Ez zaio antsia, diosku Gazteluk, silaba kopuru bera ez, baina piko kopuru bera dute, eta hori aski da.

Eta piko kopuru bera dutela honela frogatzen du: Norá zaitút kukú = Ardítegitík larrerá.

Orobat gertatzen da beste bertso askotan ere.

Esate baterako, oreña bezela nigandik (I,4) bederatzi silabatakoa da; aldiz lore pinpiñaz bitxi (IV,4) zazpitakoa eta ibai durundatsu (XIV,4) seitakoa, nahiz hirurak bertso kideak diren ahapaldian.

Horra orain agirian, zergatik ez dudan bere itzulpenaren bertso bakoitzeko silaben kopurua seinalatu ahal izan eta are zergatik, esan bezala, berak galerazten digun lan hori geure gain hartzea.

Ez naiz ni orain hemen abiatuko laur itzulpenetarik hoberena zein den iuiatzen (Doktoreak ditu Eliz Ama santak), nahiz txapela hori eman erabaki behar banu, banekikeen nori eman.

Hori bai, beste hirurenez ere esan daiteke gutxienez Mitxelenak Gazteluren itzulpenez idatzi zuena: (...).